XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

JAUN-ANDREOK: Mundu Mailako Bigarren Euskal Biltzarraren aurkezpena egiteko bildu gara gaur hemen.

MUNDU MAILAKOA dela esan dut eta ongi diot, hainbat eta hainbat nazioetako ikertzaile eta jakintsuk parte hartuko bait dute bertan.

BIGARREN BILTZARRA dela diotsuet, duela hogeita hamaika urte Parisen ospatu zenaren nolabaiteko jarraipen eta osabide bat delako alegia.

EUSKAL BILTZARRA deitzen diogu, euskaldunek antolatu, hemen ospatu eta gure arazoak aztertzea eta gure larriei irtenbideak eskaintzea bait da bere helburua.

BILTZAR izena ematen diogu, ehunka pertsonek, bi urtez, lan egin dutelako ospakizun hau antolatzen eta milaka jakintsu partaide izan direlako hain zuzen.

Jose Antonio Agirre Jauna Eusko Jaurlaritzako Lehendakari zela, 1956.eko Irail eta Urrian, Parisen ospatu zen Mundu Mailako Lehenengo Euskal Biltzarrarekin uztartuta dago nolabait Bigarren Biltzar hau.

Ez dira berdinak noski, historioak aurrera egin bait du eta Euskadiren eta Euskaldunen gaurko egoera erabat ezberdinak direlako.

Hala ere, oraingo ospakizun haundi hau, arrekoarekin lotuta dagoela ikustea pozgarri zait, Jose Antonio Agirre Jaunaren gidaritzapean lan egin zutenen, bildu zirenen eta gure helburuak berdinak direla agerian jartzen bait du Biltzar honek.

Euskal Herriaren gaurregungo egoera gorria eta latza da benetan.

Ez dut gehiegikeriarik esatea nahi ez da nire asmoa herriaren hezurretan beldurra sartzea.

Baina, langabeziak ez du irtenbide sakonik aurkitzen eta gure gazteak beldurrak jota daude; drogazalekeria, izugarrizko kalteak egiten ari da gazteen artean; ekonomiaren hobekuntzak, ez du aurrera egiten; gure industriak, ez du oraindik norabide zuzenik topatzen; era guztietako indarkeriak eta gogorkeriak bizirik jarraitzen dute gure artean.

Gure arazoentzako irtenbideak, norabideak, argibideak nahi ditugu.

Biltzar hau izan daiteke bide jator bat horretarako.

Lehenengo, non gauden aztertzeko eta, bigarren, nora jo eta nola jokatu behar dugun jakiteko.

Horixe da Biltzarraren helburua.

Ez bakarrik euskal jakintsuak, baita mundu zabaleko ikertzaileak ere gure arazoen azterketa sakon bat egin eta horientzako irtenbideak topatzen ahaleginduko dira.

Izan bedi ongi-etorria.

II Biltzar honek, gure Herria berriro berriztatzeko abia-puntua izan nahi du.

Euskaldunok eskatu egiten dugu, baina eman ere ematen dugu.

Euskadin indarkeriaren aldekoak daudenarren, Ikerlari, Jakintsu eta unibertsitari ezin hobeak ere badaude.

Gure lehengo nortasuna birreskuratzeaz gainera, zera nahi dugu: gure etorkizuneko nortasuna sortaraztea, gure biharko lekutxoa eta datozen urteetako gure bidea sortaraztea, Herri izanik jarraitzeko.

Argi eta garbi hitzegin dut, beti horrela hitzegitea gustatzen zaidan bezala, eta egoera oso zaila adierazi dut.

Baina aldi berean eta indar berarekin esan behar dizuet erabateko konfiantza dudala Herri honegan.

Oraingoan ere aurrera egingo dugu.

Oraingo hau maila bat besterik ez da Euskadiren kondairan zehar, nahiz eta maila hori funtsezkoa izan.